Argia online egunkariaren kalitatea frogatzen

Sarrera

Argia online egunkariak albisteak eta elkarrizketak argitaratzen ditu batez ere. Gainera, bere marka profesionala paperean ere argitaratzen duen astekaria da, eduki sinple eta ondo egituratutakoekin. Orokorrean, ez dago zalantzarik webgune gardena eta erabilterraza dela, baina analisi sakonagoa egingo dugu hobeto aztertzeko.


Analisia

Google bilaketari dagokionez, SEOaren lehen postuan agertzen da “argia” bilaketa eginda, baina, “egunkariak” edo “egunkariak euskaraz” bilaketekin, Berria eta Gara agertzen dira, baina ez ordea Argia. Halere, ezin da esan ikusgaitasuna txarra denik, beste egunkari batzuk gainetik daudela baizik.

Edukiari dagokionez, orri nagusian data agertzen da, eta albiste edo artikulu bakoitzak bere data du. Horretaz gain, albisteek irakurleek bilatzen duten behar besteko informazioa eskaintzen du, eta albiste askok estekak dituzte gaietan sakontzeko. Halaber, eskainitako informazioa ongi ulertzen da, zehatza da eta agertzen diren multimedia artxiboak (irudiak, bideoak eta podcastak, batik bat) ulerterrazak eta kalitate onekoak dira.

Gainera, sarrera bakoitzak izenburua du, eta gehienek egilearen izen abizenak aipatzen dituzte, harremanetarako Twitter kontuaren estekaren ondoan. Hala eta guztiz ere, artikulu batzuk Argiak sinatzen ditu, beraz, ezin da zehazki jakin nor den egilea. Orrialde nagusiaren behealdean, gainera, kredituak agertzen dira.

Argiaren kredituak eta erabiltzaile eskubideak


Argiaren menua, eduki osagarriekin
Bestalde, sarrerak azken aldiz noiz aldatu diren jakin nahi badugu, zer? Egileak berariaz zehazten ez badu, ez dugu jakiterik izango, albistearen edo sarreraren data besterik ez delako agertzen. Halere, albisteak egunero edo ia egunero argitaratzen dira eta portadako edukia gaurkotuta dago.
 
Webgunea erabilgarria al da? Oro har, bai. Betileak erraz eta arin zabaldu eta ixten dira, estekak ondo markatuta daude eta erabilgarriak dira, eta edukiak modu logikoan azalduta daude, edonork ulertu eta erabiltzeko moduan. Diseinua ere oso garbia da eta erabiltzaile trebeak ez direnak ere ez dira bertan galduko.

Horrez gain, Argiara harpidetzeko aukera dago, "Egin Argiakoa" botoiaren bidez, baina ez du ematen gai zehatzetara harpidetzeko aukerarik. Halere, menuak eduki gehiago ikusteko aukera ematen du, esate baterako, astekaria eta buletinak.


  

Ondorioak

Esan bezala, Argia webgunearen kalitatea aparta da: edukiak zehatzak eta ulerterrazak dira, webgunearen diseinua sinplea eta erabilgarria da, sarreren egileekin harremanetan jartzea erraza dirudi eta nabigatzaileetan erraz aurki daiteke bilaketa organikoaren bidez. Egia da hobetu daitezkeen kontuak daudela, adibidez, eduki ezberdinetara harpidetzeko aukera, infografia gehiago txertatzea, gainontzeko euskarazko egunkarien itzalpetik irtetea SEO bilaketetan edo Argiak sinatutako edukiak pertsona zehatz batek sinatzea. Hala eta guztiz ere, webgunea zoriondu beharra dugu egiten duten lanagatik.

Iruzkinak

Mezu ezagunak